Memoria

Bizirik atera ziren pertsona askok harremanetan jarraitzen dute kide izan zituztenekin. Hasieratik, memoria berreskuratzeko gogotik hasi ziren lanean, hainbat erakunde sortuta. Horien artean daude Erbesteratuen eta Gatibu Politikoen Espainiako Federazioa eta Amicale des Déportés, Familles et Amis de Mauthausen. 50eko hamarkadaren amaieran, Alemaniako agintariek biktima horien eta haien familien eskubideak aitortzea lortu zuten.

Frantziak ere aitortu zituen biktima horiek eta Frantziako armadarekin batera askapenaren alde lehen lerroan borrokatu ziren erbesteratu errepublikanoak ere bai; hala nola 1945ean Pointe-de-Grave-n nazien azken gotorlekuen aurka borroka egin zuen Gernika Batailoia. Frantzian, hainbat monumentu daude haien oroimenez. Eta oraindik ere, bizirik dauden erbesteratu errepublikanoek eta haien ondorengoek 1944ko abuztuko Parisen askapena oroitzeko ekitaldietan parte hartzen jarraitzen dute.

Gurs esparrura deportaturiko errepublikarren hilobiak.

Kanpoko aitorpen hori ez da inoiz Espainiako estatutik etorri. Kontzentrazio-esparruetatik bizirik atera ziren euskal eta espainiar jatorriko pertsonek Francoren gobernuaren gaitzespenari eta jazarpenari egin behar izan zioten aurre 1975 arte, Mauthausen-go Amical (1962an sortua) eta beste erakunde batzuek memoria berreskuratzeko lan handia egin zuten eta egiten jarraitzen duten arren.
Demokraziaren etorrerak ez zuen kontzentrazio-esparruetara erbesteratutako pertsonen aitorpen-egoera hobetu.  Lehen errolda sistematikoa, Mauthausen-go Amical edo Ravensbrück-eko Amical eta beste erakunde batzuek jasotakoez gain, 2006koa da; esparruak askatu eta handik 61 urte geroagokoa, alegia. Gobernuko presidente batek eginiko lehen bisita ofiziala 2005ean Jose Luis Rodriguez Zapaterok Mauthausen-era esparrua askatu zuteneko 60. urteurrenean eginikoa izan zen. Ez dago biktima horiek oroitzeko monumentu ofizialik.

Euskadin, egoera ez da askoz hobea. Erakunde publikoek omenaldi-ekitaldi bakan batzuk egin izan dituzte; esaterako Eusko Jaurlaritzak 2006ko maiatzean Gurs esparruan egondako euskal herritarrei egindakoa eta 2011n Eusko Jaurlaritzak Gurs esparruan egindakoa; ekitaldi hartan, bertan preso egondako euskal miliziano eta politikoen memoria gogorarazteko bi zutabe jarri zituzten. Gizarte zibilak ere antolatu ditu beste ekitaldi batzuk; esaterako, Errenteriako La Ilusion taldeak Gusen esparruan 1941ean hildako Francisco Herasen omenez antolatutakoa.

Familiako batzuek duela gutxi jakin dute haien senideei zer gertatu zitzaien. Horixe da Arritxu Uranga Tomas Zubizarretaren ilobaren kasua. Aitona Neuengammen hil zela, hil eta handik 65 urtera jakin du, 2010ean. Eta oso gutxik dute Frantziako gobernuak, 2004ko aitorpen-ekitaldi batean, gurasoak “Bigarren Mundu Gerrako basakerien” biktima izan zituzten umezurtzentzako ezarritako kalte-ordainen berri.

Memoriaren eta aitortzaren alorrean, euskal herritarrok oraindik urratzeke eta egiteke dugu bidea.