Iparraldeko frontea erori eta handik denbora askora, II. Errepublikak porrot egin eta Gerra Zibila amaitu zenean, milioi erdi espainiarrek Pirinioak zeharkatu zituzten, diktadura frankistaren errepresiotik ihesi. Haien artean joan ziren milaka euskal herritar ere. Errepublikarekiko leialak eta hainbat ideologiatakoak ziren (sozialistak, anarkistak, nazionalistak eta abar) eta Frantzian finkatu ziren erregimen berria mendebaldeko demokrazien laguntzarekin desagerrarazi eta aberrira itzultzeko itxaropenez. Handik gutxira Europan izandako gertaerek ametsak zapuztu zizkieten.
Frantziako gobernuak hotz hartu zituen, dozenaka milaka pertsona erbesteratu konfinamendu-esparruetara bidali baitzituzten; hala nola Perpignan-go Argelès-sur-Mer delakora eta zoritxarrez famatua den Biarnoko Gurs esparrura, Zuberoaren muga ondora. 1939an euskal jatorriko 6.555 pertsona zenbatu zituzten han. Euskal gobernu erbesteratuak haietako asko askatzea lortu zuen. Batzuek beste erbestealdi bati ekin zioten, Latinoamerikan eta beste toki batzuetan; beste batzuk Frantzian gelditu ziren, zain zuten patu iluna zein zen jakin gabe.Frantziako gobernuak konfinamendu-esparru haiek hustu eta gudari ohi errepublikanoak Frantziako armadaren zerbitzura jarri zituen. Saihestu ezinezko gerraren atarian, jendea behar zuten defentsa-lerroak indartzeko.
Hala, errepublikano asko Langile Atzerritarren Konpainietan sartu eta Frantziako ipar-ekialdera bidali zituzten. Marcelino Bilbao, 1920an Alonsotegin jaioa eta CNTren Isaac Puente bataloiko gudaria, Argelès-sur-Mer eta Gurs esparruetatik igaro ondoren, 25. Lan Konpainian erroldatu eta Maginot lerrora bidali zuten, Frantziak, Alemaniaren eta Italiaren mugetan eraikitako gotorleku eta defentsa-lerrora, hain zuzen. 1940ko maiatzean, Wehrmacht sendo ari zen aurrera egiten Sedan-en, Ardenetan, frantziarren defentsa-plana suntsituz. Marcelino Bilbao preso hartu zuten eta Stalag (gerrako presoentzako esparrua) batera bidali zuten. Frantziako armadan batailoietan edo Frantziako Atzerritar Legioan zeuden beste errepublikano askok ere zori bera izan zuten. Jose Luis Mazo, 1918an Barakaldon jaioa, Orleans-en atxilotu zuen Alemaniako armadak Frantziako Atzerritar Legioan zegoela. Mauthausen-en amaitu zuten biek. Bizirik atera ziren.
Alemaniako armadak, hasieran, gerrako presotzat hartu zituen, nazioarteko hitzarmenen arabera. Gobernu frankistak, berriz, ez zuen preso haiez ezer jakin nahi. “Espainiar ez ziren gorriak” zirela esaten zuten. 1940ko abuztuan nazien esparruetara deportatzen hasi ziren.